XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Erdi txantxetan kontatu zidan:

- Ni behin egon ninduan pistola atera eta dena amaitzeko zorian.

Horrelaxe nengoen, honen antzeko banku baten, parkean, eta tipo bat jarri zitzaidaan aldamenean.

- Polizia izango zuan eta adarra jo gura izango zian, jolastu, hire tenplea hausteko.

- Edo berak ere amaitzeko gogoa edukiko zian.

Hil nezala gura izango zian.

Gertatzen duk.

Baina eskua burdinari emona neukala altxa eta alde egin zian tipoak.

Eta nik berton amaituko nian dena, segundo batzuk beranduago altxa izan balitz.

Dena amaitu, amaitzeko gogoa, jokoan ari zen.

Aldatua zegoen, sei urte lehenago Burgosko kartzelan hilabetez ezagutu nuen hartatik oso aldatua iruditu zitzaidan.

Edo ez nuen azaletik baino ezagutu.

- Beldur ninduan, izugarrizko beldurra neukaan, nik larregi nekien eta segur nengoen ez nuela tortura gainditu ahal izango.

Ez nian atxilotua izan gura.

Hemezortzi egun eduki zuten beren Montjuich ugarietariko baten, Lilio.

- Nik Txabi ekartzen nian gomutara, indarra emoten zidaan.

- Horretarako hil zuan bera, guk eutsi ahal izan genezan torturan, zelako kabroia! esan zuen hunkiturik.

Eztul egin zuen eta hasitako solasera itzuli zen ostera.

- Batzuetan hobe duk dena berton amaitzea.

Hik, espero huen bizirik urtetea?